Asteazkena, 2013-05-22

Kalteak zenbatzeko garaia

Euriak eta haizeak kalte handiak eragin dituzte asteburuan Tolosaldeko eta Leitzaldeko herrietan. Nekazaritzan, abeltzantzan, industrian eta merkataritzan oraindik zenbatzen ari dira sortutako galerak.
Baliarraingo Ibiur urtegiaren datuek denboralearen indarra agerian uzten dute. Larunbatean, 07:00etan, %20,7an aurkitzen zen. Atzo, ordu berean, %30,4era igo zen urtegiko ur maila.
Tolosako Usabal industrialdeko hainbat lantegitan ura barruraino sartu da. Atzo goizean garbiketa lanetan ikus zitezkeen langileak. Garmendiolan adibidez, metro bat eta 40 zentimetroko marka utzi zuen urak horman. Produkzioa martxan jartzeko, lehenik makinak garbitu beharko dituzte. Ikusteko dago beraz, urak sortutako kalteak noraino iritsiko diren.
Herri gehienetan kalteak kontatzen jarraitzen dute oraindik. Eguraldi iragarpenari dagokionez, asteburuko alerta naranja amaitu eta ahaztu dela esan daiteke, nahiz eta euria ez den erabat desagertuko.

Abaltzisketa. Herritarrak udaletxera deitzen ari ziren atzo, «pixkanaka». Herri bideetan izan dira kalte handienak, luizien ondorioz. Argi indar mozketak ere jasan zituzten atzokoan.
Aduna. Mendiko bi errepide itxita izan dira, horietako bat Arrozubi  baserrira doana. Ur biltegiaren sarrerak estalita egon ziren eta lehenego gauza hori konpondu zuten. Industriaguneko zenbait enpresetan ura sartu zen, Oriak gainezka egin eta gero.
Albiztur. Luiziak izan dira errepidean, baina ez bidea mozteko adinakoak. Igandean Albiztur eta Bidegoianera joateko bidea moztuta izan zen, Tolosako Olarrain auzoaren bidegurutzearen ondoan, trenbidearen zubiaren azpian putzu handia zegoelako. Bestalde, ia urik gabe gelditu ziren herrian. Ur toma bat zikinduta zegoen, eta biltegietara ez zen urik sartzen. Halere, garaiz konturatu dira eta ez zen ur faltarik izan. Horrez gain, Urkizu alderako lurretan, ura leku berrietatik jaitsi da menditik, denbora tarte batez errerkatxo txikiak sortuz.
Alegia. Amezketara doan bidean aurkitzen diren lantegietan ura sartu zen. Herriko garaje batzuetan ere ura sartu zen, baina gutxi. Langaurren bi zuhaitz handi, Norteko haritzak, lurrera erori ziren. Argi indarra moztuta egon zen kultur etxearen inguruan eta Auzo Txikin, hori bai, udal instalakuntzetan.
pAlkiza. Herri ostatuan ura sartu zen, bi teilatuen artetik. Jangelan kalteak eragin ditu: komunetan eta altzairu batean. Hormigoizko herri bide baten azpiko lurra mugitu egin da, baita Anoetatik Alkizarako errepidearen zati batean ere.
Altzo. Kalte handiegirik ez dela sortu esan dute udaletik.
Amasa-Villabona. Kale Berrian sortu ditu urak kalte handienak; Oria ibaiak gainezka egin baitzuen gune horretan. Garajeetan ura sartu zen, baita frontoian eta Errota kaleko garajeetan.
N-1eko sarreretan ere urak putzu bilakatu zituen biribilguneak. Larunbat gauean argi mozketak egon ziren herri guztian. Amasa eta Otsabi arteko bide gorria kaltetuta dago. Galarreta auzoan bidea lurrak eraman zuen, aislatuta gelditu zirelarik. Mendi bideetatik joaten dira Irurara. Irurako industriagunearen amaieran, Repsol gasolindegiaren atzean, lur jauzi handi bat dago, N-1era doan bidea moztuaz.
Amezketa. Ur sarean arazoak izan zituzten, hodi bat puskatu baitzen. Bertatik ura atera zen eta asko galdu dute, 8 litro inguru segundoko. Bi etzebizitza urik gabe geratu ziren, ondorioz. Eutera auzoan bidea moztuta zegoen atzo goizean, luizi batengatik. Bestalde, erreka zerbait atera eta baratze baten zati bat eraman zuen. Bestetik, etxe bateko terrazara luizi zati bat erori zen.
Anoeta. Luizi handiena Sarasola Sagardotegiaren inguruan izan zen. Gainontzean, luizi txikiak besterik ez dira egon.
Areso. Erreka atera eta eskolan ura sartu zen; beheko solairuan 15 bat zentimetro inguru. Kalteak eragin ditu urak, nahiz eta oraindik zehaztu gabe dituzten. Merkurako bidea urak eman zuen, kalte dezente eraginez. Azpikoetxeko belazetik doan ubidea kanpora atera zen. Luiziak ere izan dituzte, nahiz eta oraindik udala kalteen zerrenda egiten ari den; araztegiaren egoerarekin bereziki kezkaturik zeuden.
Baliarrain. Herrira iristeko errepidean luizia izan zen, urtegia eta herrigunearen artean, auto bakarra pasatzeko tartea utziz.
Berastegi. Errekak gainezka egin zuen eta herrigunean zenbait putzu sortu zituen; erreka ondoko lurrak guztiz ureztatuta egon ziren. Kalte handienak A-15 autobidearen ondoko Ipuliñoko pistan sortu ziren. Bi luizi izan ziren eta horietako baten muturrak A-15 autobidea hartu zuen, eta igandean itxita egon zen. Zenbait belazeetako harresiak apurtu ziren. Eldua auzoa lokaztuta gelditu zen.
Berrobi. Arazo handiak sortu ditu urak Berrobin. Udal langileak, herritarrak eta alkatea bera ere lanean aritu ziren egun guztian zehar; 17:30ean oraindik bazkaltzeko zeuden. Atzo arratsaldean oraindik ur zerbitzurik gabe jarraitzen zuten. Uranga enpresaren aurreko aparkalekuaren zatitxo bat errekak eraman zuen, baita Tolosatik herrirako noranzkoan, hilerria baino lehen dagoen zubiaren ertzak ere. Luiziek baserrietarako hainbat errepide itxi zituzten, baina egindako lanari esker, arratsalderako bideak zabaltzea lortu zuten. Horrez gain, etxe batzuetan ura sartu zen.
Elduain. Atzo errepidea moztuta eduki zuten, bai Tolosara jaisteko eta baita Leitzara igotzeko ere. Bidera luiziak eta zuhatz bat ere erori zen. Herritarrek azaldu dutenez, gainera, 17:00ak arte ez zen inor agertu errepidea garbitzera. Ibaia bi puntutan irten zen, behi granja batean ura sartu zen. Kalparsoro enpresaren almazenera ura sartu zen.
Ibarra. Luiziekin izan ziren arazo larrienak. Izaskunen zazpi luizi kontatu dituzte. Maitegoikoa inguruan, duela bi urte berritutako errepidea desagertu zen, 20 metroko tartean. Igande arratsaldean, auto bat luiziak eraman zuen 20 metrotan. Gidaria kristalak hautsi ondoren atera zen autotik. Bizkai Etxe azpian ere luizi handia izan zen. Ibaiari dagokionez, elizaren ondoko horma bat urak eraman du, baita monjen etxe inguruko zati bat ere. Azkue auzora doan bide gorria itxita dago. Argi indar mozketek, igande arratsaldean, Azkue auzoan eragina izan zuen.
Ikaztegieta. Oria ibaia atera zen Uganera joateko errepidean. Udaletxe zaharraren atzean, obrak egiten ari diren etxe batean luizia izan zen.
Irura. Gazte Alaiak elkartean ura sartu zen, eta baita plaza inguruko hainbat garajetan. Laskibar auzoan garajeetan ere ura sartu da. Bestalde, luizi txikiak izan dira pistetan.
Leaburu-Txarama. Leaburun argirik ez zuten izan bost orduz, igandean. Ostatuko sotanoan ura sartu zen eta itxi egin behar izan zuten. Txaraman errepidea moztuta izan zen, Araxes ibaiak gainezka egin ondoren. Txaramako zenbait etxetan ura sartu zen. Luiziak izan dituzte Ibarratik Leabururako errepidean, Leaburutik Gaztelurakoan eta Zazpi Bideetan.
Leitza. Okerrena igandean izan zen, 13:00etan. Erasote eta Gorriztaran ibaiak elkartzen diren puntuan urak gainezka egin zuen. Sarriopapel lantegian ura sartu zen, baita inguruko etxeetan ere. Landa Behekoa ere urak hartu zuen. Luiziak ere izan dituzten, eliz bidean. Beheko Auzoan erreka kanalizatuta zegoen, baina gainetik atera zen. Mendi aldeari dagokionez, hiru gunetan luiziak zenbatu dituzte. Pista bat eraman du lurrak, berria egin beharko delarik.
Lizartza. Ibai ondoko hainbat garajetan ura sartu zen. Igandean argi indarra 16:30ean joan zen eta 22:00etan itzuli zen.
Orexa. Luiziak izan ziren herrira joateko errepidean.
Tolosa. Aldaban ur hodi bat apurtu zen eta ura atera zen. Baselizatik gora luizi handia izan da eta errepidea moztuta izan zen. Pitzadurak sortu dira errepidean. Bedaioko errepidean ere moztuta egon zen luizi baten ondorioz. Usabal industriagunean eta Amarotz auzoko errepidea urak hartu zituen, Araxes ibaiak gainezka egin eta gero. Igande arratsaldean suhiltzaileek senar-emazteak autotik atera behar izan zituzten. Kalteak izan dituzte Usabalgo industriagunean. Usabal kiroldegiko aparkalekua urez bete zen. TAK-ek Zerkausi azpian zituen materiala Zerkausira igo zituzten. Hernialdeko bidegurutzea itxita egon zen ur putzu handi batengatik. Zabalarreta parkean zenbait zuhaitz bota ditu haizeak.
Zizurkil. Teodosio etxearen azpitik erreka pasatzen da; gainezka egin ondoren Paxuxeko biribilgunea urez bete zen. Ondorioz, komertzio eta garajeetara ura sartu zen. Papelera del Oria azpiko ubidea ere txiki geratu zen, eta ura garaje eta komertzioetan sartu zen. Enpresa honen aurreko aparkaleku txikian, aldiz, ibaiak zati bat berarekin eraman zuen, bertan zeuden lau kotxe berarekin eramanaz. Udaletxeko bulegoen azpiko garajean ere metro bateko altuera hartu zuen urak. Luiziak herri bideetan izan dira gehienbat, baina oraindik kalteak zenbatzen ari da udala.

, , , , , ,