Igandea, 2013-05-19

Nekazaritzaren garrantzia

Irudikatu ezazue zelako lana izango genukeen, egunero jan behar dugun guztia ehizatu edo bildu egin beharko bagenu. Goizean sagar bat gosaldu nahi dugula? Goazen sagarrondo batera sagarrak biltzera. Bazkaltzeko txuleta bat nahi dugula? Hartu azkona, gure burua lokatzarekin eta behi simaurrarekin ondo igurtzi, eta goazen gertueneko basa-behiak ehizatzera isil-isilik lurrean arrastaka. Basa-behirik ahulena aurkitu, azkona bota eta ea zortea dugun, bestela… gaur bazkaririk gabe!
Eta hau eguna joan eta eguna etorri, gainera, urtaroen arabera jateko gehiago edo gutxiago izango genuke eta beti basa animalien migrazio mugimenduen atzetik ibili behar! Gustura biziko nintzateke modu honetara hilabete batean zehar, baina bizitza osoa… Normala da beraz, kristo aurreko  8.500 urtearen inguruan baten batek nekazaritza eta abeltzaintza asmatzea!
Nekazaritza eta abeltzaintza asmatzeak gizakia leku batean urte osoan egotea ahalbidetu zuen, jada ez zegoen janariaren bila joan beharrik, eta gainera lehen ez zeuden produktu ugari zeuden eskuragarri: esnea, arrautzak, artilea…
Milaka urteren ostean, gizakiak ereiteko zein hazteko landare eta animalia egokienak aukeratu zituen, modu honetara iritsi gara gaur egun ditugun barazki, fruitu eta etxeko animalia mota ezberdinetara. Ez pentsa suitzar-behia bezalako errape handiko animalia modu basatian bizi ahalko zenik. Ezta hasierako ardiek horrenbeste ile zutenik ere, eta zer esan gure lagun fidelak diren zakurrez! Zuetako inork ba al daki letxuga basati bat nolakoa zen?
Nekazaritza sortzeak ordea arazo batzuk ekarri zituen, jendea jada leku zehatz batean bizi zenez, jende multzo handiak lur emankorrenak zeuden eremuetan elkartzeko joera zeukaten. Honela bizitzean gaixotasunak oso erraz zabaltzen ziren, mediku kontsulta batean bezala, eta infekzioez sortutako heriotzak oso handiak omen ziren. Zeinen garrantzitsua den gure herrian estolderia sistema on bat izatea, ezta?
Gaur egun nekazaritzak garapen puntu goren bat harrapatu du, jada laborategietan landare haziak diseinatu egiten dira, ‘transgeniko’ deritzogu: hosto txikiagoak, hazi handiagoa, gaixotasunekiko immunitatea, pestiziden aurreko erresistentzia… Eta ez soilik landare haziekin, animaliak ere diseinatu ahal dira. Ez harritu egunen batean, sei hego eta lau hanka dituzten oiloak agertzen badira, eta ez da broma… Biologo baten hitza da!
Estatistiken arabera gaur egun jaten dugun artoaren %90a transgenikoa da, arto hau pestizidekiko oso erresistentea omen da, beraz, pestizidak lasai bota  ahal dira arto hau ereiten den lekuan… Pestizidak ekoizten dituen multinazionalak ordaindu ote du arto hau diseinatzeko?
Pestizida hauek zomorro gaizto eta itsusiak behin betiko gure planetatik akabatzeko sortu dira. Izan ere, zomorroak gaiztoak dira eta gure janaria jaten dute hanka ugariko munstro horiek! Honelako gauzak erakutsi dizkigute pestiziden multinazionalek.
Oraingoz froga zehatzak egin behar diren arren, pestiziden kontua jada dudan ipini da, ez ote da hobea armiarma populazio txiki bat ipintzea gure baratzean? Osinaren salda ere oso ona omen da tomatearen euli zuria izutzeko, eta zozoak atseden hartzeko adar bat ipintzen badugu gure baratzean, agian karakola eta bareak ez dira hainbeste inguratuko gure letxugetara. Zoritxarrez, baratzea ipintzeko lekurik ez dut, ezta denborarik ere (lauzpabost proiektu baditut esku artean Hitzan idazteaz aparte), baina froga hauek gustura egingo nituzke. Zuetako inork esperimentu formalik egin nahi badu, idatz diezadala bioaniztasunetik@hotmail.com edo www.bioaniztasunetik.com. Agian zenbait hauts urdin eta likido berde gure janarien gainera botatzea ekidingo dugu, eta hala ez bada, ziur zerbait ikasiko dugula, azken finean hauxe da helburua, ezta?