Larunbatean Agate Deuna bezpera ospatuko dute eskualdeko hainbat herritan. Makilak eskuan hartu, eta gogor astinduz kantuan ibiliko dira baserri eta kaleak alaituz. Ohitura zaharrari jarraipena ematen diote urtetik urtera, etxez etxe talde edo eragileak kalera atera dira. bai eskoletan, bai herritar taldeek, bai abesbatzek, bai elkarteek… Horietako askok gainera herritarren dei egiten diete santa eskean parte hartzeko.
Kantuak: ez gaude oso aberats diruz, ezta ere oinetakoz. Baina eztarriz sano gabiltza, ta kanta nahi degu gogoz, dio. Eguraldi iragarpenak betetzen badira, oinetako eta eskularru onak jantzi, eta eztarriak ongi berotuta atera beharko dira kalera, hotzari aurre egiteko. Baina Agate Deunaren ohiko abesti eta koplez gain, bat-bateko bertsoak ere izango dira Alegian edo Leitzan.
Kantuan behar bezala aritzeko, entseguak egitea ere beharrezkoa izaten da, eta dagoeneko herri batzuk prest badaude ere, Adunan gaur, 18:30ean, egingo dute entsegua kultur aretoan. Herritar guztiak gonbidatuta daude parte hartzera.
Alegian, berriz, entsegu ireki eta labur bat egingo dute, bihar, 21:00etan, kultur etxean. Herritarrak ekimenarekin bat egitera animatu nahi dituzte bertsolariek eta abesbatzakoek.
Baserriz baserri edo kalez kale, musika doinuek eta abestiek, makilen kolpeak izango dituzte lagun.
Santa Ageda bezpera eguneko egitaraua
Aduna
16:00. Guztiak elkartu, eta 21:00ak bitarte kantuan ibilik dira. Afaria Zabala sagardotegian eginez bukatuko dute. Bildutako dirua Saharara bidaliko dute.
Albiztur
10:30. Haurrak eta gurasoak kantuan aterako dira egun guztian zehar. Dirua eskolako beharretarako izango da.
Alegia
18:00. Txintxarri abesbatza eta Zazpi Astoren Gainean Bertso Taldea santa eskean kantari ibiliko dira, Larraitz auzotik hasita. Plazan bukatuko dute, eta herritar guztiei dei egiten diete eurekin batera santa eskean ibil daitezen. Abesbatzakoek betiko doinua kantatuko dute herritarrekin batera eta bertsolariek koplak eta bertsoak botako dituzte bat batean.
Anoeta
15:30. Herritar talde batek antolatuta plazan elkartuko dira eta handik baserrietara joango dira santa eskean. Baserrietako ibilbidea amaituta, 18:00etan plazan elkartuko dira berriz, kalez kale ibiltzeko. Herritar guztiei dei egiten diete santa eskean parte hartzera.
Asteasu
Herriko eskolako haurrak goizean etxez etxe ibiliko dira.
14:30. Euskal preso eta iheslariei laguntzeko dirua bilduko duen taldea plazan elkartuko da.
19:00. Abesbatza eta trikitilarien taldea aterako da Elizmenditik.
Bigegoian
Arratsaldez. Iaz bezala Agate Deuna bezperako koplak etxez etxe kantatzen ibiliko dira. Kantuan ibilitakoek, afariarekin emango die amaiera egunari.
Ibarra
10:00. San Bartolome plazatik abiatuko dira, ospela aldera. Eguerdian Xepla elkartean bazkalduko dute indarrak hartzeko, eta 17:00etan berriz plazatik hasiko dira Izaskun aldera. Hauspoa elkarteak herritar guztiak animatu nahi ditu.
Ikaztegieta
Arratsaldez. Urteroko ohiturari jarraituz, herriko emakumeak abesten ibiliko dira. Lehenik baserriz-baserri ariko dira kantuan, eta gero herrigunetik pasako dira. Eguna sagardotegian bukatuko dute.
Leitza
18:00. Urtero bezala, plazatik abiatuta herrian barrena kopla kantuan ibiliko dira. Bertako musikarien eta bertsolarien laguntzarekin buelta egindakoan, karrapean mokadu jatea ere izanen da; zintzurra busti eta estamoari goxagarriren bat emateko.
Tolosa
Arratsaldez. 18:00ak aldera, Lizardi elkartekoak beraien egoitzatik aterako dira herriko kaleetan zehar kantuan aritzeko.
Zizurkil
17:00. San Millan eskolako haur eta gurasoak kantari aterako dira 17:00ak aldera plazatik. Auzo eta kaleetatik ibiliko dira, eta ibilbidea 20:00ak aldera bukatuko dute afari-merienda egiteko. Biltzen duten dirua El Salvadorrera bideratuko dute.














Susak argitaratu du idazlearen lehen nobela
1512an Gaztelako tropek Nafarroako Erresuma konkistatu zuteneko 500. urteurrenaren harira, bi hitzaldi emango dituzte eta erakusketa ere ireki dute Zuloaga Etxean. Garai hartako giroa gogoratzeko Las mentiras del conquistador y sus absurdas justificaciones hitzaldia Tomas Urzainki Minak emango du, gaur, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Zuloaga Etxean. Lehenengo hitzaldia gazteleraz izango da eta dokumentuak konparatu eta [...]
