Osteguna, 2013-05-23

Aldaketa sozialaren aldeko deia egin du ezker abertzaleak

Tolosaldeko ezker abertzaleak herritar guztiak animatu nahi ditu larunbatean, hilak 11, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan aldaketa sozialerako deitutako manifestazioekin bat egitera. Manifestazioak ezker abertzaleaz gain, Eusko Alkartasuna, Aralar eta Alternatiba alderdiek antolatu dituzte.

Ezker abertzaleak esan duenez, egun pairatzen dugun krisialdi «latzaren» aurrean erantzun egin behar da, eta erantzuna, oraingoan, lau alderdien eskutik emango dute. «Egoera gordin bezain latz honek erantzun sendoa eskatzen du. Herri honetako eragile sozial, sindikal eta politikoek, bakoitza bere esparruan eta ahal balitz denok batera, martxan dagoen erreforma neoliberalari eta zentralizazio prozesu argiari aurre egin beharko geniokeela uste dugu», gaineratu dute.

Alternatiba baten eskaintza

Ezker abertzalearen ustez, egoera honek «alternatiba berri baten eskaintza» eskatzen du, eta irtenbide hori gauzatzeko «eragileoi arduraz jokatzea tokatzen zaigu».

Horiek horrela, alderdi abertzaleak burujabetza politiko eta ekonomikoa oinarri izango duen eredu berrirantz joan behar dela dio, eta horretarako lau alor aipatu ditu. Batetik, «herri ikuspegitik gure erakundeak egoerara egokitu behar ditugu», esan du: «Horretarako erakundeak herritarren zerbitzura jarri behar dira eta merkatuak kontrol publikoaren menpe jarri. Inbertsio publiko eta soziala bultzatu eta enplegu duina zein soziala sortzeko tresnak sortu behar dira».

Era berean, «finantza sistema indartu baino, ekonomia erreala indartu behar da», esan du. «Nekazaritza, arrantza, industria eta zerbitzu emankorrak indartu behar dira. Halaber, urteetako borrokek lorturiko ongizate estatuaren zerbitzu, eskaintza publikoak babestu eta indartu behar dira», azaldu du. Hirugarren ardatz bezala, ekonomiaren helburuak «langileria eta, oro har, herritarron interesak izan behar dira», eta ez, «gutxi bazuen onura izan, orain arte bezala».

Bukatzeko, guztiari aurre egiteko «herri gisa, munduko gainontzeko estatuek dituzten bitartekoen pareko» egon behar dela aipatu du. «Euskal Herriak, euskal esparru sozioekonomiko eta laborala eraiki eta errespetatuarazi behar du. Herri bat garen heinean herri gisa eginaz», esan du ezker abertzaleak. Alderdiaren ustez, egungo marko juridikoa eta «menpean nahi gaituzten estatuen erabakiek» kalte ekonomiko eta soziala besterik ez dute sortzen. Eta beraz, «gure borroka ez da identitate eskubide batzuk lortzeko soilik, herritarren beharrei erantzuteko tresnak sortzeko baizik, burujabetza ezinbesteko dugularik. Gure esparru propioa behar dugu eredua aldatzea nahi badugu. Eta hori zinez, posible eta bideragarria da».

«Herri bizi eta aktiboa gara» Honekin batera, alderdiak herri honek dituen baliabideak ekarri ditu gogora. «Herri bizi eta aktiboa gara, sindikalgintza indartsuarekin, industri sektore lehiakorrarekin, formakuntzarekin, natur baliabide oparoarekin,… herri hau burujabetzarako prest dago». «Guzti hau dela eta, kalean bildu behar gara, Erantzuna gure esku. Erabakia gure esku lelopean. Kaleak bete behar ditugu. Gure bizkar, hartzen ari diren neurri guztiei artazia guk sartu behar dizkiegu eta zilborrestea balitz eten burujabetzaren norabidean», gaineratu du alderdi abertzaleak.