Jon Ander Galarraga
Biologoa
Nahiz eta arrain itxurarik ez izan, arrain bat da; nahiz eta bere kumeak erreketan harrapatzen ditugun, itsasoan jaiotzen da; eta nahiz eta bere kumeen kiloa mila eurotik gora ordaintzen den, urtero ederki saltzen da… Benetan animalia xelebrea dugu gure aingira eta bere kumetxoa: angula.
Behin jan ditut angulak, gaztea nintzela, beraien prezioa gaur egungoa ez zenean. Buztinezko kazola batean atera zizkidan ene amak zizare itxurako animaliatxo haiek, espagetiak bailiran sardexkarekin ziztatu, bira batzuk eman eta ahoan sartu nituen arrain itxurarik gabeko arraintxo haiek.
Lehenengo ahokada sartu eta hortzen artean «krisk!» nola egiten zuten nabaritu nuenean erabaki nuen gehiago ez nituela jango zomorro nazkagarri haiek: «Hura nazka!». Ordutik aurrera, angulen ordezko plastikozko angulak askoz gusturago jaten ditut.
Angulak ahoan sartu eta «krisk» hura zer ote zen ikertzen hasi zen oraindik biologoa ez zen nire zerebro gazte hura. Hor konturatu nintzen, angula, aingiraren kumea dela, eta aingira, amuarraina bezalaxe arrain bat dela, nahiz eta suge baten itxura luzanga duen. Beraz ahoan «krisk» soinu nazkagarri eta gogoangarri hura atera zutenak, angularen bizkarrezurra, burezurra eta bestelako hezurtxoak izango ziren.
Ahoan lakatzak dira angulak, izan ere, arrain orok bezala ezkatak dituzte eta gure mihian lixa baten modura igarotzen dira, gainera, jan aurretik ehunka angulatxoen begiak ikusi ahal dira guri begira. Ba omen da Euskal Herriko bazterren batean, plastikozko angulak, benetako angulen ordez saltzen dituen jatetxe bat, aurrez plastikozko angulei boligrafoarekin begiak pintatuz.
Kontuak kontu, aingira da gaur egun, kontsumitzen den arrainik misteriotsuena. Biologoek ez dakite oraindik angulak zehazki zein itsasotan jaiotzen diren; dakitena da, angulatxo jaioberria bizi indar handiaz jaiotzen dela, zeren nahiz eta zentimetro gutxi izan, milioika metro kubiko dituen itsaso zabalean igerian hasten da Golfoko korrontean zehar erreka baten bila, inongo GPSrik gabe.
Hamar hilabeteko bidaia arriskutsuaren ostean, angulatxoa errekan gora hasten da igerian, baina hau egiteko bere buruan itxura aldaketa handiak pairatzen ditu. Lehenik aingira hori bihurtzen da, milimetro bat inguru neurtzen duen angulatxo horizta. Harrapariak ekiditeko, gauean eta ibaia lokaztua dagoenean soilik egiten du igeri eta egunez ibaipeko zoru lokaztuan gordetzen da.
Metro erdiko tamaina hartzen duenean, eta ibaian gora igeri egitea zailago zaionean, beste eraldaketa bat pairatzen du aingira horiak, eta aingira zilarkara bihurtzen da. Izenak dioen bezala, zilar itxura hartzen du, eta batez ere, begiak handitzen zaizkio, ugaltzeko prest dago… eta hemen dator txistea.
Milaka kilometrora dagoen itsaso ezezagun baten azpian jaio, gure ibaietara etortzen ehunka arrisku igaro, ibaian gora joan, eta azkenik, sexualki heldua den gure aingira zilarkarak buelta erdia hartu eta berriro itsasora doa ugaltzera. Honi deitzen zaio Alper bidaia.
Noski, aingirak bidaia hau egiteko arrazoi bat badu, bizidunek alferrik ez baitituzte gauza gehiegi egiten. Nonbait aingiraren hazkuntza ezinezkoa da itsas ingurunean eta ibaietako ur geza eta bertako elikagaiak beharrezkoak ditu heldu bihurtu eta ugaltzeko.
Beraz, aingira zilarkara badoa ibaian behera itsasorantz, berriro bueltako bidea egitera eta itsaso sakon eta ezezagun batean arrautzak ipintzera. Arrautz hauetatik berriro angulak aterako dira eta bidean gure txintxorroekin eta sareekin ez baditugu harrapatzen behintzat, hauek ere gure ibaietara iritsi eta berriro itsasora bueltatuko dira. Milioika urtetan egin den ziklo etenezina errepikatuz.
Jakin dezatela nire irakurleek, XX. mendearen hasieran aingirak eta angulak oso ugariak zirela gurean, baina gure urtegiek, industriak eta kontrol gabeko arrantzak, gaur egungo egoera kaxkarrera eraman ditu. Ea zorte eta borondate pixka batekin, egin dituzten birpopulazioek arrakasta duten.
Hilabetez Bonbereneako grabaketa estudioan lanean aritu eta gero, Glaukoma Sound System musika taldeak bihar gauean aurkeztuko du taldearen izen bera hartu duen lehen lana, Bonberenean bertan. Glaukoma Sound System musika taldeko baxu jotzailea eta abeslaria dira, Asier Arandia (Tolosa, 1988) eta Juantxo Arakama (Tolosa, 1989) , hurrenez hurren. Taldearen izen bera [...]
Irakurri gehiago












Susak argitaratu du idazlearen lehen nobela
1512an Gaztelako tropek Nafarroako Erresuma konkistatu zuteneko 500. urteurrenaren harira, bi hitzaldi emango dituzte eta erakusketa ere ireki dute Zuloaga Etxean. Garai hartako giroa gogoratzeko Las mentiras del conquistador y sus absurdas justificaciones hitzaldia Tomas Urzainki Minak emango du, gaur, arratsaldeko zazpi eta erdietan, Zuloaga Etxean. Lehenengo hitzaldia gazteleraz izango da eta dokumentuak konparatu eta [...]
