Emakumeen Gomazko Paletako Kutxa Sariaren finalak jokatu ziren igandean, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Promozio Saria irabazteko lehian, Alegiako Ainhoa Garmendia zegoen, Semperrekin bikotea osatuz. Aurkariak, ordea, gehiago izan ziren, eta txapela Andueza-Ugaldek irabazi zuten, 30-23ko emaitzarekin.
Garmendiak ligaxka polita jokatu du, baina finalean asmatu ezinik ibili zen. Horrez gain, Semper bere bikotea erdi gaixorik aurkitzen zen, eta Garmendiak hartu behar izan zuen bikotearen pisua. Indartsu hasi ziren arren, maila hori ezin izan zuten mantendu partida osoan zehar, eta azkenean, txapelketa sendoa egin duten Andueza-Ugaldek irabazi zuten finala.
Promozio Sariaren ondoren, Kutxa Sari Nagusiko finala jokatu zuten Muneta-Bordagarayk eta Housset-Serre bikoteek. Lehenak nagusitu ziren, 30-21eko emaitzarekin.
Aurrera Saiaz, finalerdietan
IX. Berria Txapelketaren final laurdenetako partidak jokatu zituzten Aurrera Saiazeko pilotariek, igandean. Eskualdekoek aurkari zaila zuten Beotibarren, Huarte ahaltsua. Hiru partidetatik bi irabazi zituzten Aurrera Saiazekoek, eta nagusietan ere jaun eta jabe izan zirenez, aurrera egiteko txartela lortu zuten, uste baino errazago.
Kadeteetan jaso zuen lehiako porrot bakarra Aurrera Saiazek, Chiapuso-Aburuzak 22-20 galdu baitzuten. Jubeniletan Labaka-Elustondok erakustaldia eskaini zuten, 22-5eko emaitza lortuaz. Nagusien mailan, Urbieta II-Telletxeak 22-10eko garaipena lortu zuten azkenik.
Aurrera Saiazekin batera, Galdakaoko Adiskidek lortu du finalerdietarako txartela.










