Joseba Otaegik eta Unai Otañok urrezko mailako txapela eskuratu dute. Ez batak eta ez besteak ez zuten espero txapelketa honetan finalera iritsiko zirenik, eta are gutxiago txapela jantziko zutenik. Zutikakoan egindako lan txarrari buelta eman ahal izateko, lan asko egin behar izan zuten. Azken saioan, hau da, iraupen proban, Arrospide eta Mugertza III.a atzean uztea lortu zuten. Binakako txapelketan faborito ziren, eta aurreikuspenak betez jantzi dute txapela.
.
Joseba Otaegi zizurkildarra eta Unai Otaño ibartarra «oso gustura» geratu dira txapelketan erakutsi duten mailarekin, eta eskuratu duten txapelarekin. «Txapelketa hasieran inondik inora ez genuen espero hona iritsiko ginenik», adierazi du Otaegik. Otañok, berriz, «finalera iristea guretzat ezustekoa izan da», azaldu du. «Sari bat izan da, eta lasai eta gozatzera atera ginen».
Zizurkildarrak ez zuen faboritotzat bere burua: «Nire ustez aurkariak faboritoago ziren; ez zuen eraginik izan gure lanean». Zutikako enborra dute Otaegik eta Otañok ahulezia. «Gure hutsunea dugu zutikako enborrean, eta lan txarra egin genuen denbora asko galduz», dio Otaegik.
Txapelketa hasi zenetik, ordea, hobetzen joan dira, eta ahalik eta denbora gutxien galtzea zuten helburu eskualdekoek. Lehen bi lanetan, Anjel Arrospidek eta Ugaitz Mugertzak aurrea hartu zieten segundoak alde hartuz. «Lehen lanak ikusita, eta zutikakoan galdutako denbora tartea kontuan hartuta zaila ikusten nuen, baina guri ondo joaten zaiguna iraupen proba da, eta esperantza nuen», dio Otaegik.
Zutikako enborraren ostean, bi 60 ontzako eta bi 45 ontzako moztu behar izan zituzten, eta galdutako denbora tartea txikitzea lortu zuten. «Galdutako denbora gutxitzeak morala igo zidan, eta azken saioan esperantza nuen», gaineratu du Unai Otaño ibartarrak. Iraupen proban, lau kana erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituzten. Otañok eta Otaegik, 15 minutu eta 50 segundo behar izan zituzten, eta aurkariek 18 minutu eta 07 segundo. Azkenean, lan guztiak 27 minutu eta 48 segundotan amaitu zituzten irabazleek, eta Arrospide leaburuarrak eta Mugertza III.ak 29 minutu eta 34 segundo behar izan zituzten.
Zizukildarrari eta ibartarrari txapela janzteak «ilusioa» egin die, eta aurrera egiteko «indarra» eman die txapelak. Orain atseden pixka bat hartuko dute, eta banakako txapelketan sartuko dira apiriletik aurrera.
Segundo bakar batek eman dio txapela Saralegiri
Eneko Saralegi leitzar gazteak, Julen Larrea lagun zuela lortu zuen gazteen mailako txapela janztea. Segundo bakar baten aldea baino ez zuten izan txapeldunek. Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, final ederraz eta orekatuaz gozatu ahal izan zen.
Lau lan ezberdin egin behar izan zituzten gazteek, eta lehen hiruretan aurretik joan ziren Saralegi eta Larrea III.a. Azken lana hasi aurretik, 18 segundoko aldea zuten. Azken proban, ordea, Otaño eta Etxeberriak aurrea hartu zieten, baina 17 segundo aldea ateratzea lortu zuten, txapela aurkariei utziz.














