Beldur handia ematen duten zomorroak dira armiarmak, zortzi hanka dituzte, zenbait iletsuak dira eta guztiak dira oso ehiztari onak, beraz normala da beldur apur bat ematea. Hala ere, Euskal Herrian topa dezakegun armiarmarik handienak zentimetro gutxi neurtzen ditu, eta zorionez, ez dugu gizakiarentzat pozoi kaltegarria duen armiarmarik.
Intsektuen antza duten arren, ez dira intsektuak, araknidoak baizik. Mila aldiz zutabe honetan esan dugun bezala, intsektuek sei hanka dituzte, araknidoek zortzi. Araknidoen taldean, armiarmez gain, besteak beste, eskorpioiak eta alergia ematen diguten akaro famatuak biltzen dira. Armiarmek buru, gorputz eta ipurdi bana dituzte, baina buru eta gorputza oso lotuta daude eta ez dira erraz ezberdintzen. Ipurdia bai ordea; oso ipurdi nabarmena dute. Ipurdian baitaude barne atal guztiak. Baita hain beharrezkoa duten sarea egiteko atalak ere.
Animali guztietan bezala, armiarmak arrak eta emeak dira, Arrak nahiko xelebreak dira, ez baitute zakilik. Zakilaren ordez, buru aurrean palpo izena duten bi hankatxo motz eta lodi dituzte, hankatxo horiek oso sentikorrak izateaz gain, zakutxo batzuetan esperma gordetzen dute.
Zakil gabeko armiarma arrek, nahiko ugalketa traumatikoa izaten dute, espermaz betetako zakutxo hauek emearen barruan ipini behar baitituzte, eta zoritxarrez, emea arra baino handiagoa izan ohi da. Zakutxo hauek emearen barruan sartzeko metodo bat, emea janari apur batekin entretenitu ostean, ziztu bizian emearen ugal organoetara iritsi, juxtu ipurdiaren atzean, eta zakutxoa barruan sartzea da. Gero, irrintzi bat bota eta ahal den azkarren alde egitea komeni da emearen hanka artetik, emearen bazkari bihurtu baino lehen… Zorionekoak armiarmak ez diren animalia arrak!
Espezieko emea ez bada oso handia, arraren ugalketa ez da hain arriskutsua. Kasu honetan arrak bere sex-appeala erabiltzen du emea ligatzeko. Aurrez, esperma zakutxoa lurrean uzten du, gero emearengana hurbildu, aurreko hankak laztandu eta leunki zakutxoaren gainean eramaten du emea, zakua emearen barrura sartuz. Esan behar da, edozein unetan arrak ez badu emea konbentzitzen, heldu eta akabatu egiten duela eta beste egokiago batengana joango dela. Nere lagun handi batek esaten duen bezala: «Bizie gorra ek!»
Nahiko erraza da armiarma arra eta emea bereiztea, esan bezala emeak handiagoak dira eta ipurdi puztuagoa dute. Arrak txikiagoak izateaz gain, buru aurreko palpoetan dauden esperma zakutxoak ikusi ahal dira, kolore ilunekoak eta borobil formarekin.
Sarea da armiarmak bereizteko beste ezaugarri bat, baina armiarma guztiek ez dute sarea egiten. Batzuk, lehoiak edo marrazoak bezala, ehiztari aktiboak dira. Beraien harrapakina atzeman, aurkitu, zelatatu eta harrapatu egiten dute, armiarma mota hauek oso begi handiak dituzte, ikusmen bikaina dute eta harrapakinaren gainera salto egiteko gai dira. Gurean baditugu hauetako batzuk, oso txikiak dira, armiarma hauei aurrez aurre begira ipintzen bagara lau begi handi ikusiko dizkiegu buru aurrean eta hauek inguratuz, beste lau begi txikiago. Zortzi begiekin ez da harritzekoa bista ona izatea!
Sarea egiten duten armiarmak ehiztari pasiboak dira, sare itsaskorra eraikitzen dute eta bizidun hegalari bat erori arte itxaroten dute. Armiarma hauek ez dute bista oso ona, baina hanka luze eta oso sentikorrak dituzte, sarean egiten den edozein mugimendu atzemateko.
Hala ere, badaude beste modu batera ehizatzen duten armiarmak, saregileak eta ehiztari aktiboak direnak aldi berean. Hauek etxetxo bat egiten dute, lurpean edo pareta baten zuloan, etxearen barrualdea sare eroso batekin apaintzen dute eta etxetxoaren atarian, sare oso sentikor baten alfombra bat ipintzen dute. Bere biktimak «ongi etorri» ipintzen dion alfonbra hau zapaltzen duenean, etxetxoan dagoen armiarmak atzeman egiten du, etxetik ziztu bizian ateratzen da eta bere gonbidatua etxean sartzen du, baina ez kafetxo batera gonbidatzeko.
Armiarmek beste lauzpabost zutabe idazteko adinako sekretuak dituzte, baina zoritxarrez zutabe xume hau bi astekoa eta orri erdikoa da. Armiarmez gehiago jakin nahi izanez gero bisitatu bioaniztasunetik.com edo idatzi lasai bioaniztasunetik@hotmail.com-era, eta gainera Facebook eta Twitter-en ere bagaude eta youtube-n kanal bat ere badugu.
Jon Ander Galarraga, Biologoa









