Bada bizidunen historian biologiako liburu oso gutxitan agertzen den protagonista bat. Protagonista honek milioika urte daramatza Lurrean eta berau gabe ez litzateke bizidunik egongo gure Lur planeta maite honetan. Are gehiago, beste planetetan bizidunik bada, protagonista hau ere bertan egongo da. Protagonista hau ‘ama’ izenez ezagutzen dugu eta gaurkoan, beraiei eskainiko diegu zutabe xume hau.
Bizidunak planeta hau zapaldu zuten lehen alditik, hor zegoen ama bat. Noski, ama honek ez zien lehen bizidunei ohea egiteko esaten edo tupperetan hurrengo egunerako janaria prestatzen. Lehen ama hau borobila zen eta itsaso zabal eta epel batean bizi zen bera bakarrik. Egun batean, izugarrizko esfortzu bat eginez, bitan zatitu zen, eta beste bitan eta beste bitan… gero, itsaso zabal eta epel hura milioika kumetxoz betez.
Milioika urteren ostean, ama hauek arrautza asmatu zuten eta ehunka arrautza askatzen zituzten itsaso zabalean. Arrautza hauetako bat edo bi agian ama izatera iritsiko ziren eta ama berri hauek berriro arrautza gehiago errungo zituzten beste milioika urtetan zehar…
Itsaso hutsez betetako planeta hartan lehen lur lehorra agertu zenean, amak ere bertan egon ziren. Lur lehorra konkistatu zuten lehen amek oskol gogorreko lurreko arrautzak asmatu zituzten, arrautza hauek habi erosoetan gordetzen zituzten eta amek bizia ematen zuten beraiek babesteko. Baina, behin errun ostean, kumeak ihes egiten zuten habiatik eta jada amak ez zeukan betebeharrik hurrengo kumaldia arte.
Benetako amen erreboluzioa ordea animalia plazentarioekin iritsi zen; izenak dioen bezala ama hauek plazenta izeneko egitura bat asmatu zuten. Plazenta honekin jada ez zegoen arrautzak zaindu beharrik, kumeak amaren barrua joaten baitziren jaiotze egunera arte. Jaio ostean kume hauek beraien kasa bizitzen ziren… amek, ugatzak edo titiak asmatu zituzten arte.
Ugaztun amak izan ziren asmakizun honen egileak, ugatza edo titiekin, kumeak ez zeukan bere kasa bizitzeko presarik, amak ematen baitzion elikagaia bere gorputzetik. Modu honetara, kumea garapen gutxiagorekin jaio ahal zen eta ongi garatu arte amarekin bizi ahal zen bere ugatzetako esne elikagarria edanez.
Milioika urteren ostean ugaztunok amaren barruan garatzen jarraitzen dugu, jaio ostean amaren esneaz elikatzen gara, urte askotan zehar amak emandako diruarekin bizi gara eta behin etxetik alde egiten dugunean amaren janariarekin amesten dugu gauero.
Hala ere, ba omen dira ama ‘gaiztoak’. Armiarma espezie batzuetan, armiarma amak kumeak gainean eramaten ditu eta hauetako bat erortzen bada irentsi egiten du. Laborategiko saguek ere beraien kumeak jateko joera omen dute eta zoo-etako gorila amek sarritan kumetxo jaioberriak zapaldu eta ito egiten omen dituzte.
Armiarma amak, ama txarrak ote dira? Agian ez al dugu pentsatu behar armiarma espezie horrek gerturako ikuspena nahiko murritza duela eta erortzen zaizkion kumeak, intsektu batekin nahastu eta jaten dituela? Laborategiko saguak ere ama maltzurrak ote dira? Ez al da egia, laborategiko saguak beraien bizitza osoa kaiola baten barruan igarotzen dutela, froga ugari sufrituz egunero. Ez al ginateke gu ere zoratuko bizimodu honekin? Ez al ginateke zoratuko ere, zoo-ko gorila ama baten antzera bizitza osoa hiru pareta eta kristal baten barruan egonda? Eta zutabetxo hau irakurri ostean, ez al genieke amei urtean lauzpabost egun eskaini behar, gutxienez? Zorionak zutabetxo honen atzean zaudeten ama guztiei!
Jon Ander Galarraga, Biologoa










