Osteguna, 2013-06-20

Babarrunaren prozesu guztia bertatik bertara ezagutzeko aukera

Tolosaldeak turismo eskaintza berri bat izango du igandetik, hilaren 10etik, aurrera, eta esperientzia berri hori eskualdeko produktu izarra izango du protagonistatzat: babarruna.
Tolosaldea Garatzeneko Turismo sailak azaldu duenez, Tolosako babarrunaren bidaia: ereitetik platerera izena du ekimenak, eta funtsean, helburua babarrunaren bueltan turisten «inplikazio pertsonala» bilatzea da. Horiek horrela, eta «euskaldunok produktuei eta gastronomiari ematen diogun garrantzia kulturala ezagutarazi eta partekatzeko», bisitariei lau jarduera zehatzetan parte hartzeko aukera emango zaie. Batetik, igandean bertan, Urkizuko Olateaga Goikoa baserrian babarrunaren landaketan hartuko dute parte; bestetik, uztailaren 22an, baserri berera bueltatuko dira izena eman dutenak landaketa nola doan ikusteko; eta irailaren 23an babarrunak biltzera joango dira. Bukatzeko, azaroaren 18an, Tolosako Babarrunaren Astearen barruan, txapelketa ikusteko eta hainbat ekitalditan parte hartzeko aukera izango dute. Azalpenak eskaraz eta gaztelaniaz emango dituzte, eta izena Tolosaldea Tour-en bidez egin behar da: tour@tolosaldea.net edo 943 69 74 13.
Tolosaldea Garatzenek ekimenean parte hartu nahi dutenei ekitaldi guztietan parte hartzeko gomendioa egin nahi diete, baina bakarka ere hartu daiteke parte. Ekitaldi bakarrean parte hartu nahi duenak 20 euro ordaindu beharko ditu (haurrek 10 euro), eta ekimena guztian parte hartzeko 100 euro ordaindu beharko ditu, eta etxera 3 kilo babarrun eramango ditu. Tolomendi, Tolosako Babarrun Elkartea eta Saskika-Lurlan ere ekimenean parte hartuko dute, eta azken hauen bezeroek prezio berezia izango dute.