Asteazkena, 2013-05-22

Hitza Pilota Txapelketa, azken finalerdien zain

IX. Hitza Pilota Txapelketa azken txanpan aurkitzen da, final handien atarian. Horretarako oraindik lau lehia jokatu beharko dituzte: nagusien eta jubenilen finalerdiak. Helduenak gaur ariko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan, 18:30etik aurrera. Jubenilek bihar izango dute hitzordua, Amezketan, 17:30etik aurrera.
Bi final hauek nortzuen artean jokatuko dituzten erabakitzen denean, 24 pilotarik ziurtaturik edukiko dute finaleko txartela. Txapelaren lehia uztailaren 14ean, larunbatean, izango da, ohi bezala, Tolosako Beotibar pilotalekuan. IX. Hitza Pilota Txapelketako finalak 09:30ean hasiko dira, eta sei mailatan jokatuko dituzte finalak.
Iragan asteburuan, hamasei finalisten izenak zehaztu ziren. Eskualde guztian barrena jokatu ziren finalerdietako partidak, eta  txapelketa polita jokatu dutenek, sari ederra lortu zuten.
Benjaminak Albizturren aritu ziren. Altuna-Estarbek 16-14 irabazi zien Zeberio-Moralesi, eta Esteba-Zubeldia bikoteak bostean utzi zituen Lasa eta Lopetegi. Alebinetan, Asteasun, Lasa-Ugartemendia tanto bakarreko aldeaz irabazita iritsi dira finalera, Olazabal-Erasoren aurka; bigarren finalerdian, Iraola-Alberdik 16-8ko garaipena lortu zuten, Morales-Zeberioren aurka. Infantilen arteko lehiak Altzon jokatu zituzten. Arandia-Aizpitartek 18-12 irabazi zuten, Altuna-Zubeldiaren aurka, eta Zubeldia-Artolak bostean utzi zituzten Luzuriaga eta Otaegi. Kadeteen finalerdiak Bidegoianen jokatu ziren. Labaka-Salegik 18-7 egin zuten Etxeberria-Mendiren aurka. Bigarren finalerdian, Egiguren-Belokik lortu zuten garaipena, 18-9, Peña-O. Aburuzaren aurka.
Garaipena lortu zuten bikote hauek egongo dira Beotibarko finalean.

IX. Hitza Pilota Txapelketa
Benjaminak
Finala
Altuna-Estarbe
Esteban-Zubeldia
Alebinak
Finala
Lasa-Ugartemendia
Iraola-Alberdi
Infantilak
Finala
Arandia-Aizpitarte
Zubeldia-Artola
Kadeteak
Finala
Egiguren-Beloki
Labaka-Salegi
Jubenilak
Finalerdiak, bihar 17:30ean, Amezketan
Ormazabal-Imaz
Labaka-Balerdi

Galarraga-Iruretagoiena
Mujika-Erasun

Nagusiak
Finalerdiak, gaur 18:30ean, Tolosako Beotibarren
Jaka-Erostarbe
I. Urbieta-Telletxea

Gailurralde-Santxez
Mujika-Zubiri

* Hitza Pilota Txapelketako
finalak, maila guztietakoak, uztailaren 14ean jokatuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan, 09:30etik aurrera.