Igandea, 2013-05-19

Azkarate eta Mujika Frantziako epaitegien esku

Manu Azkarate tolosarraren aurkako estradizio auzia abuztuaren 8an argituko da, Pariseko epaitegian. Bertan, euskal preso ohia Espainiaratua izango den edo ez erabakiko dute. Hurrengo egunean, abuztuaren 9an, fiskaltzari eta Azkarateren abokatuari igorriko diete erabakia. Ondoren, hiru asteren barruan, komunikazio ofiziala jasoko du Manu Azkaratek.
Estradizioaren ibilbide juridikoa Parisen amaituko da, eta ondoren, politikoa hasiko da. Manu Azkarateren esanetan, estradizio auzia izaki, Frantziako Barne Ministerioak sinatu behar du dekretua. Hilabeteko epea izango du horretarako Frantziako ministroak. Hilabete horretan ezingo dutela epaia exekutatu, beti ere, Manu Azkarate tolosarraren esanetan.
Mujikaren aurkako eskaria
Pauko auzitegiak pasa den ostiralean erabaki zuen Juan Mari Mujika amezketarraren kontrako euroagindua onartzea, eta beraz, Espainiaratzeko agindua eman zuen. Hiru eguneko epea dago erabakiari helegitea jartzeko, eta ondoren, 10 eguneko epean eman beharko dute behin betiko erabakia.
Ostiralean bertan, albistea jakin bezain pronto, 50 bat pertsonek elkarretaratzea egin zuten Amezketan, eta mobilizazioaren  bukaeran, Gernikako Akordioa sinatu zuten herriko hamazazpi bat eragilek helegitearen erabakia jakin bezain pronto erantzunen bat emateko konpromisoa hartu zuten. Horrela beraz, herritarrei adi egoteko deia egin diete datozen egunetan izango diren mobilizazioetan parte hartzeko eskatuz.


Zizurkildarrek bat egin zuten ostiral gauean, Zaballako espetxe aurrean egin zen kandela gauarekin. Hamalau aulki huts, beste horrebeste kandela, eta euskal hamalau preso gaixo larrien izen abizenak. Herrirak antolatuta burutu zen ekintza sinbolikoa, preso horiek etxean egon beharko luketeela aldarrikatzeko. Ekintza xumea izan zen antolatzaileen esanetan, «baina jendearen jakin mina sortu zuena».